XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskal mitologiak munduaren irudirapenaren arazoari irtenbide sinboliko zehatz bat ez badio eman, honek zerbait adierazten du argi eta garbi, alegia, arazo horrek ez duela kezkatu.

Kezkatu izan balu, eremu eta itsaso zabal eta misteriotsu batzu asma zitzakeen, edota gailurreri iraganezin zenbait irudiratu.

Baina ez digu honelakorik sortzen, espazioaren organizazioaren arazoa, Munduaren irudirapen baten beharrik gabe irtenbideratu duelako, hain zuzen ere anitz minikosmos autonomoen eraketaz.

Indoeuropar mitologiaren arabera kosmosa bat da, eta bakarra.

Zeruko gorteak eta gainontzeko munduek osatzen dute kosmos hau, eta hauetako batek edota hauetako baten zati batek hutsegingo balu, gainontzeko guztiek kosmos erren bat osatuko lukete, osotasunik gabeko kosmosa, eta hortik dator munduari muga sinbolikoak ipintzeko kezka, Lur osoa sinbolikoki kosmosean integratzeko kezka.

Euskal mitologian aldiz, lurralde ttiki bat kosmosa osatzen duten elementu guztien jabe da: Minikosmos osoa da eta beraz, hortik kanpo dagoenaren inongo kezka edo ardurarik ez da sortzen.

Inori ez zaio axola zenbat minikosmos ote dauden.

Galdera horrek ez du inor kezkatzen.

Burujabetzaren printzipioarekin erabat koerente den kosmos autonomoen eraketa hau bi gertakariei esker burutzen ahal da: Alde batetik, jainkozkoak Lurrean bizitzeak egiten du ahalezko, eta bestetik, jainkozkoen aniztasunak, alegia, jainkozko mota bakoitzaren barneko aniztasunak, ahalbideratzen du minikosmos guztietan behar hainbat jainko egotea, benetan minikosmosa osatu ahal dedin.

Azter dezagun gertuagotik aniztasunaren kontzeptu hau.

Gehienbat artzantzaren jainko espezifikoa den Basajauna alde batera utziz gero, euskal jainkoartea laminek, jentilek eta Marik osatua dago.

Laminek etxeko lanetan laguntza ematen dihardute batik bat.

Jentilek gizarte harremanetarako jokabide ereduak azaltzea dute ardura nagusia.

Eta azkenik Marik, printzipio etiko zenbait finkatu ezezik, eguraldi agerkariak ulerterazten ditu.

Bi lehengo jainko multzoei dagokienez, hausnarketa berbera egin dezakegu: Auzo bakoitzak bere laminak eta bere jentilak ditu, bertako haitzulo eta leizetan bizi direlarik.

Jainkozko hauek ez dira erdigune mitologiko batetara biltzen, (...).